Kargatzen...

Jardunaldia

Irizpide psikopedagogikoak

Irizpide psikopedagogikoak

Bistan denez, errendimendu intelektuala handiagoa da goizez bazkalostean baino, arreta- mailan eragin nabarmenak dituzten arrazoi fisiologikoak direla medio. Goizean goiz odoleko azukre-maila eta gorputzaren berotasuna igotzen dira eta horrek arreta zein dedukziorako gaitasunari laguntzen dio. Bazkalostean berriz, elikagaien karbohidratoek eragin lasaigarria dute burmuinean eta horrek arreta-mailaren beherakada ekartzen du (Ikus C. Feenstra haur psikologoaren “Ohitura onurgariak” artikulua). 

Halaber, jardunaldi jarraian ez dago arreta kaltetzen duen etenik, kontrakoa baizik, ikasleak errendimendu altueneko orduetan daude ikasgelan. Jardunaldi jarraia duten ikastetxeek beren ordutegietan goizeko lehen orduetan kokatu dituzte arreta handiagoa eskatzen duten ikasgaiak eta arreta-ahalegin txikiagoa eskatzen dutenak aldiz, 11:30etik 12:00ak arteko atsedenaldiaren ondoren, azken ordurako utziz ikasleentzat lasaiagoak direnak, plastika edota eskulanak, kasu.

Jardunaladi jarraiak eskaintzen duen ordutegiarekin ikasleek orohar eskolako lanak egiteko denbora gehiago dute eta horrek ikasteko eta lan pertsonalerako ohiturak bereganatzeko aukera ematen die.

Txikienen kasuan ere, jardunaldi jarraia ez da zatitua baino nekagarriagoa. Izan ere, adin horietan haurrek jolasaren bitartez ikasten dute eta, jardunaldi jarraian, irakasleek momentu lasaiak eta jarduera aktiboak tartekatzeko aukera dute. Jantokian eta patioan bi orduz egotea berriz, aise nekagarriagoa da.

Jardunaldi jarraia eskaintzen duten ikastetxeetako ikasleen eskola- errendimendua handiagoa dela erakutsi dute datuek (Méridako Giner de los Ríos eskolako zuzendaritzak emandakoek eta Madrilgo Erkidegoaren eskutik Fernández Enguitak egindako “La hora en la escuela” ikerketan emandakoek, esaterako). Ikerketa hau ezagutzera eman dudan ikastetxeek ere datu hori berretsi dute.

Bestalde, eguerdietako etenaldi luzea saihesten da eta ikasleek ez dute bi ordu luzez denbora galtzen itxaron behar eskolako azken saioa iritsi arte. Ikerketek diote atsedenaldi luzeegiak hezkuntzarako kaltegarriak direla. Bazkaltzeko tartean eta ondorengo atsedenaldian ikasgelan landutako baloreei buelta ematen zaie eta jokaera agresiboak agertu ohi dira. Kasu askotan, haur txikienek handien espazio berean jolastu behar izaten dute zaintza eskasarekin, bere adinerako egokiak ez diren jarrerak bereganatuz. Izan ere, aipatzen diren kasuen artean, ikasle zaharragoek txikienei “basakeriak irakasten” aritu izan dira, bestelako gertakari larrien artean. Irakasleak ere iritzi berekoak dira: bazkalorduko atsedenaldia eta gero ikasleak astotuta itzultzen dira gelara eta denbora behar izaten da hauek lasaitzeko eta eskolekin jarraitu ahal izateko. Labur esanda, bazkalorduko bi orduko atsedenaldia (12:30-14:30), sobera luzea da eta, ondorioz, kaltegarria eskolan bazkaltzen duten ikasleentzako. Etxera bazkaltzera joaten direnentzako aldiz, denbora tarte laburregia suertatzen da. 

Gure seme-alaben ordutegiko kontzeptu bakoitzaren iraupenaren proportzionaltasunari begiratzen badiogu, honakoa ikusiko dugu: goizeko atsedenaldiaren ondoren eskola-saio bakarra dute, ondoren bi orduko “atsedenaldia”  eta ondoren ordu eta erdiko azken saio bat. Nekatuta egondo ote dira? baietz iruditzen zaigu. Ez ote dute neke hori arreta mantentzea ezinezkoa bihurtzen duten etengabeko etenaldiek eragingo? Bi orduko itxaronaldi luzeegia arintzeko asmoz, eskolaz konpoko jarduerak eskaintzen dira: eskola-saio kopurua handitzean, alde batetik, haurrak lanpetuagoak daude eta patioan denbora gutxiago pasatzen dute, baina bestetik, ikasketa-jarduera erdian eskola-saio gehigarrietan egon ondoren iristen dira ikasleak arratsaldeko eskola-saiora. Litekeena da horrek arreta mantentzeko zailtasunak ekartzea.

Haur eta Lehen Hezkuntzan jarduera jarraia izanik, Bigarren Hezkuntzara iristean eta eskolan bereganatutako ikasteko ohiturei dagokienez, aldaketa ez da hain nabarmena, eskolako ordutegi bera izanen dutelako eta egokitzeak ekartzen ahal dituen arazoak saihesten direlako.

Jardunaldi jarraiak eskola-ordu kopuru berberak ditu eta ez dakar eskola-jardunaldiaren murrizketarik, ez ikasleentzat ez irakasleentzat ere, kontrakoa baizik: formakuntzarako aukera gehiago ematen ditu, arratsaldeak ikasleen interes edota zaletasunen araberako formaziorako aukera gisa ulertzen baitira, tailer edota eskolaz kanpoko jarduera gisa. Halaber, jarduera edo tailer horiek arratsaldeko laurak baino lehen hasteko aukera eskaintzen du, nahi duenak patioan denbora luze itxaron behar izateko. Irakasleen kasuan, beren ikasleekin eskola-ordu kopuru bera dute eta arratsaldeetako jardueretan ere partze hartzen dute. Jarduera jarraiaren kasuan, tailer edota eskolaz kanpoko jarduerak doakoak dira eta beraz, ikasle guztientzat eskuragarriak, ez bakarrik erosahalmen handiena duten familientzat, Administrazioak finantzatzen baititu, eta ikasleen interesak hobestea dutelako helburu.

Bestalde, jardunaldi jarraiak ikastetxeko baliabide materialen zein instalazioen aprobetxamendu handiagoa dakar. Interesgarria litzateke ikastetxearen irekitze-ordutegia ahalik eta zabalena izatea, bai ikasturtean zehar baita oporraldietan ere. Ikastetxea erreferente garrantzitsua da gure seme-alabentzat, hezteko eta elkartzeko gune bikain gisa, baina bertan egiten diren jarduerak arrazionalizatu beharra dago, batzuk akademikoak eta derrigorrezkoak izango direlarik eta beste batzuk berriz gure seme-alaben zaletasunen araberakoak, gurasoek, lana dela eta, beraiekin egon ezin diren momentuetarako.